GaurkoanZer?

Honi buruz

Mycroft Euskaraz egitasmoaren barnean euskal efemerideen informazioa eskuratzeko skill (gaitasun) bat garatzea da egitasmo honen helburua. Era berean, landutako eduki guztiak webgune batean bilduko dira.

Ezagunak zaizkigu bozgorailu edo ahots laguntzaile adimendunak: Alexa, Siri edo Google. Mycroft horietako bat da, baina bere adimen artifiziala software librekoa da. Ondorioz, horretan oinarrituta bestelako proiektuak garatzeko aukera ematen du. Aukera hori baliatuta, Elhuyar, Talaios eta Skura Kooperatibek Mycroft Euskaraz egitasmoa martxan jarri zuten eta iaz aurkeztu zuten.

Euskarazko Mycroft sortzeko lan horretan oinarrituta, edozein enpresek funtzionalitate berriak txertatu ahal dizkio sistemari, software librea delako. Hori ezinezkoa da Alexa, Siri edo Google bezalako sistemetan, itxiak eta jabedunak baitira.

Iametzaren helburua Euskarazko Mycroft-eri funtzionalitate bat txertatzea da. ‘Hy Mycroft. Gaurkoan zer?’ galdetuta, sistemak egun horretako efemerideak kontatu ahal ditzan lanketa egingo dugu.

Horretarako informazio iturri desberdinak baliatuta, euskal efemerideak landuko dira eta eduki horiek modu desberdinetara (galdera desberdinen bidez), jaso ahal izango dira, ahots bidez.

Hori posible izan dadin Euskarazko Mycroft-ek Elhuyarren hizketa ezagutzeko eta ahots sintesirako sistemak erabiltzen ditu.

Euskarazko Mycroft-a erabat funtzionala izatea da helburua. Hau da, epe ertain edo laburrean antzerako sistemek betetzen dituzten funtzio guztiak bete ahal izatea bilatzen da: albisteak irakurri, eguraldiaren iragarpena eman, afaria etxera ekartzeko eskatu, mezu elektronikoak bidali...

Funtzionalitate horietako hainbat garatzeko beharrezkoak izango dira skill edo gaitasun zehatzak garatzea, baita ere euskarazko edukia behar bezala prestatzea, erabiltzailearen esperientzia ahalik eta egokiena izan dadin.

Horixe da hain zuzen ere hemen aurkezten dugun egitasmoaren helburua, zehazki euskal efemerideak landuz.

Kontuan izan behar da gero eta zabalduagoa dagoela bozgorailu adimenduen erabilera etxebizitzetan (2020an mundu mailan 150 milioi unitate saldu ziren eta 2024rako 640 milioi egotea aurreikusten da). Gaur egun merkatuan dauden sistemek ordea ez dute euskaraz ulertzen eta gazteleraz edo ingelesez hitz egitera behartuak gaude. Testuinguru horretan euskarak presente egon behar du, bestela gure hizkuntza atzean geratuko da.

Ez soilik hizkuntza bezala, bizitzeko modu bezala ulertuta ere, geurea izatea garrantzitsua da. Zentzu horretan esan, Mycroft proiektua Euskal Herrira begira dagoela. Hau da, ez da antzerako ahots laguntzaileen euskarazko bertsio hutsa izango. Proiektuaren sustatzaileek diotenez, albiste bat irakurtzeko eskatuz gero, informazioa euskal hedabideetatik hartuko du edo jana eskatzen baduzu, bertako enpresak hartuko ditu kontuan.

Bestalde, datuen pribatutasuna izan ohi da honako ahots laguntzaileen alderik kritikatuena, jasotzen dituzten datuak saltzen dituztela salatu izan baita behin baino gehiagotan. Euskarazko Mycroft-en kasuan berriz, sustatzaileek diote ez dela inolako informazioren salmentarik egingo.

Horrekin guztiarekin esan nahi duguna da, honelako proiektu bat edukiz eta funtzionalitatez hornitzea ona dela, ez soilik euskarazko eduki gehiago bitarteko gehiagoren bidez zabaltzeko, baizik eta geureak diren teknologiak, berezko balioekin eraikiak sustatzeko.