Sabino Arana Goiri
Sabin Polikarpo Arana Goiri —edo berak idatzi bezala, Arana ta Goiri'taŕ Sabin— (Sabin Etxea, Abandoko elizatea —gaur egun Bilbo—, Bizkaia, 1865eko urtarrilaren 26a - Sukarrieta, Bizkaia, 1903ko azaroaren 25a) politikaria, ideologo abertzalea, jeltzalea, idazlea eta euskalaria izan zen.
1892. urtean Bizkaya por su Independencia liburua idatzi zuen. Haren pentsamoldearen oinarriak independentismoa, abertzaletasuna, euskaldun arrazaren garbitasuna, katolizismoa eta euskara garbia izan ziren eta ideia multzo hori Jaun-goikua eta Lagi-zaŕa (JEL) leloan laburbildu zuen. Aranak Bizkaiaren independentzia eskatzen zuen, beste gainerako euskal herriekin batera Euzkadi izeneko euskal herritarren konfederazio edo nazio federalean batzeko. Gaur egun aski ospetsua den eta garai hartan Euskal Herriko gizartean asaldura eragin zuen esaldi berritzailea eta apurtzailea honako hau izan zen:
Euskal Herriko proiektu nazional hura gauzatzeko asmoz, eusko abertzaletasunari ikur, ideologia, alderdi, aldizkari eta esaera edo lelo multzo bat eman nahi izan zizkion, horien artean Ikurrina, Euzko Alderdi Jeltzalea edota Euzko Abendaren Ereserkija daudelarik.
Nikolasa Atxika-Allenderekin ezkondu zen eta ez zuten seme-alabarik izan. Gazte hil zen (38 urterekin), espetxean preso egondako denboraldian bereganatutako Addisonen gaixotasunak jota.