Joxe Manuel Odriozola
Joxe Manuel Odriozola Lizarribar (Altzo, Gipuzkoa, 1948ko otsailaren 9a - ) euskal idazlea da. Egun, euskara irakasten dihardu. Berria egunkarian maiz argitaratzen ditu iritzi artikuluak.
Alfabetatze mugimenduaren hastapenetan ere ibili zen; Euskaltzaindiarekin izandako tirabirak direla medio, mugimenduak garai iluna bizi izan zuen Gipuzkoan, batik bat. 1974. urtean, aldiz, egoera aldatu egin zen. Urte hartan, Udako Euskal Unibertsitatean, talde bat elkartu eta Alfabetatze Mugimenduari jarraipena ematea deliberatu zuten. Joxe Manuel Odriozola izan zen mugimendu birtsortzaile horren buru. AEK izango zenaren sorreraren aurrekarien barruan kokatu behar dira gertaera horiek.
Bere azken saiakeretako batekin (Abertzaleak eta euskara, edo nazio euskaldunaren gainbehera), eztabaida sortu nahi izan du, nazionalismo politikoak aberriaren oinarri diren kultura eta hizkuntza aintzat hartzen ez dituela eta.
Odriozolak dioenez, abertzaletasunaren interpretazio sentimentala dago batetik, eta hor aberriarekiko sentimenduak dira nagusi euskal identitatearen muina definitzeko jardunean. Bestetik, berriz, abertzaletasunaren interpretazio etnokulturala ageri zaigu euskal identitatearen ardatz.
Egileak berak aitortu du bigarrenaren aldeko hautua egina duela berak, euskal nortasunaren oinarria euskal kultura eta hizkuntza direlako bere ustez, eta ez abertzaletasuna. Ikuspegi hori, beharbada, euskal herri batean jaio izanari zor diola deritzo: