Mikel Laboa
Mikel Laboa Mantzizidor (Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a – Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal abeslaria eta musikagilea izan zen. Zenbait adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abangoardia uztartu zituela, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena egileen pare.
Hiru zutabek osatzen dute Mikel Laboaren kantagintza: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikideen hitzen musikatzeak eta lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioak. Osagai horiekin, Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan da 1960ko hamarkadatik hona: Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa eta euskal kantagintzaren berritzaile nagusietakoa izan da, eta euskal herritarren artean errespetu eta miresmen itzela du haren lanak.
Bere diskoen artean, 1974ko Bat-hiru da arrakastatsuena, jada eusko ereserki bihurtu diren kanta askorekin (bereziki, Txoria txori). Disko hura «Euskal Herriko historian izan den diskorik hoberena» izendatu zuten Diario Vasco egunkariak eginiko bozketa batean.