GaurkoanZer?

Xabier Lete

Efemeridearen irudia

Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944ko apirilaren 5a - Donostia, Gipuzkoa, 2010eko abenduaren 4a) euskal idazle, poeta eta kantaria, eta politikaria izan zen. Lourdes Iriondo musikaria zuen emazte. Oso ezagunak diren abesti batzuk bereak dira, esate baterako: Xalbadorren heriotzean, Nafarroa arragoa, Izarren hautsa, edo Gizon arruntaren koplak. Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen: 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigaray eta Lourdes Iriondorekin batera, abian jarri zuen Ez Dok Amairu taldea. Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera —kanta zaharrak ere jasoz—, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen». 1972. urtean, Ez Dok Amairu taldea desegin zen; Letek, ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin batera, kantagintzan jarraitu zuen. 1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2005. urtean zendu zen bere emazte Lourdes Iriondo. 2009ko apirilean Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kidea («jakituna») izendatu zuten; eta 2010ean, ohorezko euskaltzain. Urte berean hil zen, abenduaren 4an, gaixotasun luze baten ondorioz.

Argazkia: © Javier Garaialde-rena da jatorrizko argazkia. ksarasola-k aldaketak egin ditu. Moztuz, kontrastea eta argitasuna aldatuz. / Wikimedia Commons / CC BY-SA 4.0
Partekatu:

Xabier Leteren efemerideak: