Juan Antxeta
Joanes Antxeta (Azpeitia, 1533 aldean – Iruñea, 1588ko azaroaren 30a) gipuzkoar eskultore manierista izan zen, Euskal Herriko eskola erromanistaren sortzailea. Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian lan asko egin zuen, eta Valladolid, Burgos, Briviesca, Gasteiz, Jaka eta Zaragozan ere jardun zuen. Bestalde, ikasle eta jarraitzaile asko izan zituen, haren lana areago zabaldu zutenak.
Antxetaren lanaren garrantzia garbi adierazi zuen bere maisuetako batek, Juan de Juni eskultore handiak; Junik, gaixorik, Medina de Riosecoko Santa Mariako erretaula bukatu ezin zuela-eta, Antxeta aipatu zuen testamentuan, lana amaitzeko eskultore egokiena hura zelakoan.