Ignazio Loiolakoa
Ignazio Loiolakoa —jaiotza izen-deiturez Eneko Lopez Loiolakoa; katolikoen artean San Ignazio Loiolakoa deitua— (Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1491ko abenduaren 24a – Erroma, Aita Santuen Lurraldea, 1556ko uztailaren 31) militarra eta erlijiosoa izan zen, San Frantzisko Xabierkoa nafarrarekin batera Jesusen Lagundiaren sortzailea, eta Espainiako Kontrarreformaren buruetako bat.
Gudari gisa, Gaztelako Koroaren armadaren zerbitzura aritu zen. 1521eko maiatzean, Henrike II.a Nafarroakoa Nafarroako Erresuma berreskuratzeko ahaleginean ari zela, haren aurkako Gaztelako armadan zihoan Loiolakoa, eta Iruñeko guduan larri zauritu zuten. Erlijio ordena berria sortzeko abiapuntua izan zen gertakari hura.
Gipuzkoako eta Bizkaiko santu zaindari nagusia izendatua du Erromatar Eliza Katolikoak.