GaurkoanZer?

Cruz Gallastegi

Efemeridearen irudia

Cruz Ángel Gallastegi Unamuno (Bergara, 1891ko maiatzaren 5a - Pontevedra, 1960ko ekainaren 7a) ingeniari agronomoa, landareen genetikalaria eta albaitaria izan zen, aitzindaria Europan arto hibridoekin esperimentatzen. Bere garaiko figura ezinbestekoa izan zen genetika aurreratu, instituzionalizatu eta sozializatzeko. Lan handia egin zuen Galiziako nekazaritza hobetu eta modernizatzeko. Europako eta AEBetako unibertsitate gorenetan espezializatu zen landareen genetikan, munduko espezialista onenekin ikasita. AEBetatik bueltan Galizian ezarri zen, hantxe zuzendu zuen-eta Galiziako Misio Biologikoa, laborategi bat aitzindaria izan zena Europan laboreen hibridazioan. 1924an, 33 urte zituela, Elisa Fraiz y Tafall izeneko andrearekin ezkondu zen Santiagon, zeinekin bi seme-alaba izan zituen: Lourdes eta Juan Antonio. Galiziaren kultur susperraldia bilatu zuen. Horrela, Ikasketa Galegoen Mintegiko bazkide izan zen. Baita Labor Galegista kultura elkarteko kide. Halaber, parte hartu zuen Partido Galeguista alderdiaren zenbait ekitalditan. 1939an Misioa CSICen eskuetara pasatu zen, Consejo Superior de Investigaciones Científicas delakora. Gerra Zibilaren ostean hainbat arazo izan zituen. Batetik, nolabaiteko jazarpen politikoa nozitu zuen, batez ere prentsa falangistaren aldetik, Errepublika garaian kargu inportante bat bete zuelako Nekazaritza Ministerioan, eta baita kausa galegistarekiko erakutsi zuen sinpatia eta hurbiltasunagatik. Gainera, bere sorkuntza kutunetako bat, Hazi Produktoreen Sindikatua, desagertu egin zen sindikatu bertikalak ezarri bezain laster. Bestetik, garai hartako ingeniari agronomo ezagunenen gutxiespena eta eraso korporatibistak jaso zituen. Nahiz eta Alemanian Ingeniaritza Agonomoa ikasi, ez zuen lortu Espainian titulua konbalidatzea. Albaitariek, ostera, bai konbalidatu zioten. Azkenik, aurre egin behar izan zien arazo ekonomikoei, izan ere, garai hartan irabazten zuen soldata urria ez zen nahikoa mantentzeko emaztea eta bi seme-alabak, zeinak Santiagon bizi baitziren, emaztearen gurasoen etxean. Horrek guztiak ia depresiora eraman zuen. 1949an, Misioan dimisioa eman, eta Valladolidera joan zen, Sardón del Duero herrira, eta bertan zuzendari teknikoa izan zen haziak saltzen zituen Prodes S.A. enpresan. Han lau urte egin zituen, oso pozik, baina enpresaren egoera finantzarioa ez zen ona, eta Misiora itzuli zen. Urte haietan urdaileko minbizia agertu zitzaion, baina lan inportanteak publikatu zituen. Zazpi bat hizkuntza hitz egiten zituen: euskara, gaztelania, frantsesa, alemana, ingelesa, galegoa eta italiera. Horrez gain, formazioa ere goi mailakoa zuenez, oso esparru espezializatuan, nazioarteko kongresu askotan hartu zuen parte, munduko genetista onenen parean. Nekazaritzaren dibulgatzaile bikaina bihurtu zen, eta bazekien zientzia eta teknologia transmititzen, beti oinarritzen baitzen bere landa-lanean, laborategietan eta Misioko ortuan egiten zuena. Pontevedran hil zen, 1960ko ekainaren 7an. Gaur egun Galiziako Misio Biologikoak 12 hektareako lur-sail bat dauka, Pontevedrako Diputazioak CSIC erakundeari utzia, hiru eraikinekin: Pazo de Gandarón, Cruz Gallastegi eta Miguel Odriozola, bakoitza bere laborategiekin. Bergarak, Gallastegiren jaioterriak, kale bat eskaini dio. Baita Santiago de Compostela eta Pontevedra hiriek ere.

Argazkia: © Unknown authorUnknown author / Wikimedia Commons / Public domain
Partekatu:

Cruz Gallastegiren efemerideak: