Maite Pagazaurtundua
Maite Pagazaurtundua Ruiz (Hernani, Gipuzkoa, 1965eko otsailaren 11) ekintzailea eta politikaria da. Deustuko unibertsitatean lizentziatua da, Euskal Filologiaren eta Filologia Hispanikoaren tituluekin. Itzultzailea da ogibidez.
Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen 1993 eta 1998 bitartean, PSE-EErekin. Fernando Buesaren aholkularia izan zen hizkuntz politikan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean. Orobat, PSE-EEren Hezkuntza eta Kulturako idazkaria izan zen 1993tik 1997ra. 1999 eta 2007 bitartean PSE-EEren zinegotzia eta udal bozeramailea izan zen Urnietan.
Aski da! plataformaren sorreran hartu zuen parte 1999an, besteak beste Joseba Pagazaurtundua anaiarekin. Hura 2003an hil zuen ETAk. Horretaz gain, Fundación Víctimas del Terrorismoko burua izan zen, eta Fernando Buesa Fundazioarekin elkarlanean ibili da.
ETAz eta euskal nazionalismoaz gain, PSOE bere alderdi politikoa ere kritikatu izan du Maite Pagazaurtunduak, terrorismoaren kontrako politika egokia egiten ez duelakoan. Izan ere, ez zen ados Jose Luis Rodriguez Zapatero bere alderdikide eta Espainiako presidentearekin, haren gobernuak ETArekin izandako bake-prozesuan, eta Patxi Lopez PSE-EEko idazkaria gaitzetsi zuen bake prozesu berean.2013an UPyDren Batzarrean parte hartu zuen, eta 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan eurodiputatu hautatu zuten.