Ricardo Ugarte
Ricardo Ugarte Zubiarrain (Pasai San Pedro, 1942ko abuztuaren 6a) gipuzkoar eskultore, margolari eta poeta da.
Bakarka nahiz taldean eginiko erakusketa askotan hartu du parte, Euskal Herrian eta atzerrian. 1967. urtean egin zuen lehen bakarkako erakusketa, eta ikusgai jarri zituen itxura angeluzezeneko eskulturak eta pinturak. Harrezkero sari ugari jaso ditu. 1969.urtean Donostiako I. Nazioarteko Bienala irabazi zuen Estela eskulturarekin. 1975. urtean Nestor Basterretxea eta Mendiburu eskultore ospetsuekin batean aurkeztu zituen bere eskulturak, eta hiru urte geroago Europako I. Hirurteko Erakusketan parte hartzeko hautatu zuten. 1992. urtean CEOE espainiar enpresari-elkarteak urtero banatzen duen saria irabazi zuen.
Burdina lantzen du batez ere, eta molde angeluzuzenak eta kubikoak nahasten ditu goitik beherako konposizioetan. Eskulturaz gain pintura, literatura, argazkilaritza eta grabatuak ere landu ditu, eta bere lanak hainbat museo, herri eta hiritan daude ikusgai, hala nola Bartzelonan, Tenerifen edota Donostian. Besteak beste, Aingura izeneko eskultura handia kokatu zuen Pasaiko portuan (2008), Gazteluaren memoria Tolosan, Juan Ignazio Iztuetaren omenezko eskultura Zaldibian (1995), Poesiaren Branka-Joan Brossari omenaldia izeneko lana Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusean (1999); eta, 2001. urtean, Tajamar izeneko eskultura Lasarte-Orian.