GaurkoanZer?

Anjeles Iztueta

Efemeridearen irudia

Anjeles Iztueta Azkue (Tolosa, Gipuzkoa, 1954ko urriaren 16a) euskal matematikaria, irakasle, eta politikaria da. Eusko Alkartasuneko kidea. Emakunden eta Eustat-en egin du lan, beti ere ikerketa eta estatistika matematikoaren arloan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailburua ere izan zen Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zela (2001-2005).Matematika Zientzietan lizentziatura eta gradu-tesina eginak ditu Valladolideko Unibertsitatean. Bertan egin zuen gero doktorego ikastaroen ziklo osoa ere. Estatistikako kontzeptuak eta metodologia ondo menperatzen dituenez hainbat tesitan eta proiektutan aritu izan da alde estatistikoa lantzeko aholkulari estatistiko-matematiko gisa. Egindako ekarpenak batez ere bi alor hauetan izan dira: batetik, estatistika ofizialetako eta ikerketa soziologiko, ekonomiko, osasun eta hizkuntzetarako lagin-diseinu konplexuak, eta bestetik, Benzécri-ren L´Analyse des donnees eskola frantseseko aldagai anitzeko analisi estatistikoak. Eusko Jaurlaritzan aritu izan zenean Unibertsitate Sistemaren Legea, Euskal curriculuma eta Haur-eskola Partzuergoaren Dekretua onartu ziren, besteak beste.Matematika euskaraz landu zituzten aitzindarietako bat izan zen Iztueta 1970eko hamarkadan, batez ere estatistika arloan aritu zen bera. EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kidea ere izan da hainbat urtetan. 2014z gero Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea da, 2016tik Eusko Ikaskuntzan Arabako lehendakari ordea, eta 2021az geroztik, Udako Euskal Unibertsitateko Talde Eragileko kidea ere bada.

Argazkia: © Ksarasola / Wikimedia Commons / CC BY-SA 4.0
Partekatu:

Anjeles Iztuetaren efemerideak: