Juanito Lope
Juanito Lope —jaiotzako izen-deiturez, Juan Leoncio Lope Jimenez— (Tolosa, Gipuzkoa, 1917ko irailaren 12a – 1981eko irailaren 1a) eskultorea eta marrazkilaria izan zen. Bere jaioterriko gizarte bizitzan sendo sustraitua, Juanitoren hainbat busto, eskultura eta marrazki daude Tolosan bertan (Pablo Gorosabel, Adrian Laskibar, Felipe Dugiols, baserritarra, euskal dantza, Wenceslao Maiora, Francisco de Tolosa, Ramos Azkarate, Alexander Fleming, Izaskungo ama birjina…). Tolosaldean ere gordetzen dira bere lanak, hala nola Alegian (Txintxarri elkarteko armarria), Altzon (Erraldoia), Amezketan (Fernando Amezketarra) eta Orexan (Jesukristo). Gainera, Loperen marrazkiak, bustoak eta armarriak hainbat elkarte eta tabernatan ageri dira; eta Ordizian, Beasainen, Zumarragan, Zarautzen eta Zalduondon, besteak beste, tolosarraren lanak dituzte kaleetan.Marrazteko teknika berezia bezain sinplea eta esanguratsua zuen Juanitok. Oinarrizko pintzelkadaz, maisutasunez islatzen zuen pertsonaia guztien izaera. Orri soil batean garatzen zuen jorratu nahi zuen gaia, ironia eta umore finez, plano eta egoera ezberdinetan kontakizun sekuentziala eginez, komikien modura.