Irene Larraza
Irene Larraza Aizpurua (Tolosa, Gipuzkoa, 1970a) gipuzkoar kultura eragilea da, 2018tik euskara nazioartean zabaltzen duen Etxepare euskal Institutuko zuzendaria dena.
Nafarroako Unibertsitatean Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da. Herri Irratian esatari eta erredaktore egondakoa da. Komunikazio arduradun lanean jardun zuen ondoren, kultura arloko sektore publiko zein pribatuan, hala nola Koldo Mitxelena Kulturunean (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta Syntorama enpresan. 2008tik 2011ra Tolosako Udaleko Kultura Departamentuko zuzendaritzan aritu zen. 2012az geroztik Etxepare Euskal Institutuko kide da. Bertan Komunikazio arduradun lanetan aritu zen lehenago 6 urtez, bai eta Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako buru gisa, urtebetez. 2018ko urtarriletik aurrera Etxepare Euskal Institutuko zuzendari lanetan ari da, Miren Arzalluzek utzitako lekua hartuz.